Galdetzaile bikain izateko bidea (edota nola disimulatu munduaren aitzinean, norberaren ezjakinkeria)
Hasier Etxeberria, Kazetari eta ETBko Sautrela saioko zuzendaria
Komunikazio-produktu bat egiteko tenorean, munduko kazetaritza fakultate guztiek azpimarratzen dute dokumentazioa eta aurreprestakuntzaren garrantzia. Eta ondo egiten dute hori horrela dela esan eta teorizatzean, prestatutakoa ez baita sekula alferrikakoa izaten. Baina gero koaderno edo mikrofonotxo batekin, zezen arras desberdinak toriatu behar izaten dira —batzuetan itzelezkoak eta beldurgarriak, bestetan gatzik gabeko salda bezalakoak—, eta ez da aski izaten ikasitakoa. Sena behar da, eta azkartasuna, eta buruargitasuna, eta originaltasuna, eta...
Ezen, esaterako, nola egingo diozu elkarrizketa bat frantses apur bat dakien Fisika Nobel Sari txinatar bati, zeuk ez badakizu fisikarik, ez txinerarik eta ez frantsesik? Asmatu zerbait fite!, zuzenean zaude eta.
Funtsean, dena prestatu arren, beti inprobisatu behar dela erakusteko, neure laneko hiru adibide erabiliko ditut: Paul Auster eta Claude Lanzman idazleen elkarrizketak ETBko Sautrela saiorako, Bost Idazle liburuan jazotakoak eta Euskararen jatorria dokumentalekoak ere bai. Denak ere gertaera desberdin bezain harrigarriak.